EUSFERA, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoak

Euskaraz jakin ala ez, 0-12 urte bitarteko haurren gurasoei (edo guraso rola betetzen duten helduei) dago zuzendua. Haurren inguru euskaldunagoa izatea nahi duten guraso guzti-guztientzat, beraz. Izan ere, guztiek egin dezakete ekarpena!

Gurasoekin elkarlanean, gure etxeko haur eta gaztetxoen atmosferan euskarak gero eta presentzia handiagoa izatea da helburua.

Aurrerapausoak ematen jarraitu nahi dugu aisialdia, kultur kontsumoa, erreferenteak, kirola, etxeko hizkuntza praktikak… euskaldunagoak izan daitezen.

Maiatzaren 7tik 17ra bitartean gauzatuko da ekimena antolatzea erabaki duten herrietan.

Durangon, dagoeneko sortua dago Eusfera batzordea, Kurutziaga ikastolaren ordezkaritzak (irakasle eta familiak) bertan parte hartzen duelarik. Datorren martxoaren 10ean Durangoko Eusfera Batzordearen batzar irekia izango da 18:15ean Intxaurrondon. Parte hartzeko interesa izanez gero, jar zaitez harremanetan gurekin euskarafamiliak@kurutziagaikastola.eus helbidera idatziz.