Guraso agurgarriak,
Bizkaiko Eskola Kirola Programaren antolakuntzatik eskerrak eman nahi dizkizuegu seme-alabak kirolean aritzen direnean ematen diezuen laguntzagatik, zuen parte-hartzeagatik eta astebururo erakusten duzuen babesagatik. Zuen presentzia funtsezkoa da esperientzia hau positiboa eta aberasgarria izan dadin.
Azken hilabeteetan, Kirola On tresnaren bidez, gero eta intzidentzia gehiago atzeman ditugu eskola-kiroleko partiden harmailan eta ikusleen artean izandako jokabide desegokien ondorioz. Egoera honek kezka eragiten digu, zuzenean eragiten diolako gure gazteen esperientzia kirolari eta sortzen den giroari.
Horregatik, eta jardunaldi guztietan ingurune hezitzailea, segurua eta errespetuzkoa bermatzeko helburuarekin, jakinarazi nahi dizuegu otsailaren 21etik aurrera martxan jarriko dugun ekimen berri bat.
‘Errespetua’ ekimena
‘Errespetua‘ leloa duten pankartak inprimatu ditugu, eta pankarta horiek saskibaloiko, futbolerako eta eskubaloiko Eskola Kiroleko partiduetan erabiliko dira.
Pankarta hauek partida bakoitzaren hasieran erakutsiko dira. Horretarako, kirolariek, entrenatzaileek eta epaileek pankarta eskuetan hartuko dute eta publikoari begira jarriko dira, partida hasi aurretik segundo batzuetan.
Keinu sinboliko honek gogorarazi nahi du bertan dauden guztiei —familiei, lagunei eta bestelako ikusleei— zein garrantzitsua den giro egokia eta errespetuzkoa mantentzea.
Zer sustatu nahi dugu ekimen honekin?
- Epaileen erabakiak errespetatzea, protesta edo iruzkin desegokirik gabe.
- Harmailatik entrenatzaile gisa ez jardutea, rolak ondo bereiziz eta kirol-egile bakoitzaren lana errespetatuz.
- Bizkaiko Foru Aldundiaren Ikusle onen Dekalogoa betetzea.
- Eskola-kirolaren benetako helburua gogoraraztea: neska-mutilek dibertitu, ikasi eta hazteko espazioa dela, emaitzetatik harago.
Eskola-kirola esperientzia positiboa, hezigarria eta aberasgarria izan dadin, gurasoak funtsezko zarete. Zuen laguntza eta parte-hartzea ezinbestekoak dira elkarbizitzan eta errespetuan oinarritutako giro bat sortzeko eta mantentzeko.
Aurrez eskertzen dizuegu ekimen honetan izango duzuen ulermena eta laguntza, gure kirolarien ongizatea eta esperientzia hobetze aldera.
Adeitasunez,
Bizkaiko Foru Aldundia
ESKOLA KIROLAREN ATALA





