Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkartearen Batzar Nagusia egin berri da. Xede bakar bat zuten batzartutako kooperatibistek: premiarik handiena duten ikastolei laguntzea. Ia 800.000 euro banatu zituzten eskaera egin zuten ikastolen artean. Berriro ere agerian geratu zen kooperatiben balio nagusietakoa: gizarte ekintzarena.
Kooperatiben balio nagusietakoa da gizarte ekimena, gizarte ekarpena. Ezaugarri hori ikastoletan txertaturik dago barreneraino, eta halaxe jarri zen agerian atzo, Orion, Elkartasun Ikastolak Europar Kooperatiba Elkarteak egin zuen Batzar Nagusian. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek Elkartasun Ikastolei egindako ekarpen ekonomikoa beharrik handiena duten ikastolen artean banatu zuten, beste behin ere. 1990.eko hamarkadan Elkartasun Kutxa sortu zuten xede horretarako; hamarkada honetan Europar Kooperatiba bilakatu zen, Elkartasun Ikastolak izena hartuz. Ikastolen Elkartea osatzen duten ikastola guztiek osatzen dute, baita ere, Elkartasun Ikastolak.
Aurten 835.162 euro jarri dituzte ikastolek, eta atzoko Batzar Nagusian 770.752 euro banatu zituzten zazpi ikastola eta Kanboko Ikastolen Etxearen artean. Hauek dira gainontzeko ikastola guztien elkartasun ekonomikoa jaso duten ikastolak: Baionako Bernat Etxepare Lizeoa, Angeluko Ikastola, Tuterako Argia ikastola, Lodosako Ibaialde ikastola, Bastidako ikastola, Bilboko Harrobia ikastola eta Trebiñuko Argantzon ikastola.
65.000 euro inguru geratu ziren banatu gabe, baina Beasaingo ikastolaren kasua aztergai geratu da. Izan ere, bi gela kontzerturik gabe dauzka ikastola txiki honek, eta hori dela-eta litekeena da diru premia izatea. Hurrengo hilabeteetan aztertuko da egoera, eta behar izanez gero Artezkaritza Kontseiluak hartuko du Beasaingo ikastola laguntzeko erabakia.