Mingarria

Igande honetan Durangoko Udal Liburutegiak antolatuta booktrailer lehiaketaren sariak banatu ziren San Agustin Kultur gunean, eta ezin dut nire kezka eta haserrea ezkutatu antolatzaileek euskararen tratamenduarekin izandako jokabide mingarriagatik.

Irakurzaletasuna sustatzeko ekitaldi honek, liburu ezberdinak aurkezteko bideo laburpen trailerrak saritzen zituen. Pelikulekin egiten den aurkezpen-trailerrak bezalakoak ziren bideo hauek, baina liburuak aurkezteko helburuarekin. Den-denak Durangoko ikastetxe guztietako ikasleek egindako bideo laburrak ziren. Aurkeztu ziren bideo guztiak euskaraz aurkeztu ziren. Denak.

Hasierako aurkezpena euskaraz izan bazen ere, beste jardutea guztia gazteleraz egin zen. Giroa arintzeko aukeratutako arduradunen estrategian ez naiz sartuko, ezta giroa dinamizatu zuten gazteen lana baloratzen ere. Baina ez da onargarria ekitaldia girotzeko hizkuntza gaztelera izatea eta bertaratutako guztiok gazteleraz berbetan ipintzea, salbuespenak salbuespen. Ulergaitza eta onartezina. Mingarria benetan.

Instituzioen erantzukizuna da, horrelako ekimenak antolatzean, gure hizkuntza eta kultura bermatzea eta sustatzea, batez ere herriko Ikastetxe guztiak euskararen aldeko lana egiten dugunean. Euskara ez badoa plazara, alperrik dira sortzen ditugun ekimen eta foroak.

Zintzotasunez,


Urko Rodriguez Ituarte