Nafarroa Oinez urriaren 18an

Erentzun eta San Fermin ikastolek Nafarroa Oinez antolatuko dute urriaren 18an. Aurtengo Oinezen berezitasun nagusietako bat ibilbidea bera izango da, Erentzun eta San Fermin Ikastolak lotzen dituen bidean diseinatu baita. Hautu horrek zuzenean islatzen du aurtengo leloa: bi ikastola, bi errealitate, baina helburu bera: euskararen eta euskal kulturaren alde lanean jarraitzea, elkarlanean eta etorkizunari begira.

Ibilbidea Zizur Nagusia-Ardoi eta Gazolatz inguruan egingo da, eta hiru gune nagusi izango ditu: bi lursailetan kokatuko dira eta hirugarrena, berriz, Zizur Nagusiko Luis Ibero plazaren inguruan. Horrela, herrigunea eta natur ingurunea uztartuko dituen ibilbidea osatuko da.