Ibilaldia: ibilbidea eta egitaraua
Igandean Mungian dugu zita, #egunero alkarregaz
Aurtengo ikastolen jaia jasangarria eta parekidea izango da. Ibilaldia morez tindatuko da eta ingurumenean eragin ditzakeen inpaktu negatiboak minimizatzeko asmoz, diseinuan eta antolakuntzan ingurumen neurriak landu dira.
Ibilbidea
Mungia eta Larramendi Ikastola batuko ditu aurtengo ibilbideak, Mungiako bidegorria oinarri hartuta. Natura eta paisaiaz gozatzeko aukera ematen duena, zalantza barik. 5,7 kilometroko luzerarekin, parte-hartzaileek gure lautadatik Bizkaiko mendi askoren bistak izango dituzte. Guztira lau gune izango dira:
4 – JAIO, Mungiako erdigunearen hasieran. Mungian jaio zelako gure ikastola.
3 – ALKARREGAZ, Atelan, kooperatiba sortu genuela gogoratuz.
2 – ERDU, Iturbaltzagako auzoan. 98aan ospatu genuen ibilaldia gogora ekarriz, ‘Erdu Geugaz’ zuelako lelo moduan.
1 – EGUNERO, Larramendi ikastolan kokatua. Egunero aritzen garelako ikastolan lanean etorkizunari begira.
Lau guneen izenekin Ikastolaren denbora lerroa osatu nahi izan da. Izen hauek gainera, atzetik zein aurretik irakurri ahal izango dira, ‘egunero erdu, alkarregaz jaio’ edo ‘jaio alkarregaz, erdu egunero’ esaldiak sortuz.
Egitaraua
Egitarauan pertsona guztiak izan dira buruan, denentzako ekitaldiak proposatzeko. Elkarlanaren ondorioz, musika, jokoak, espektakuloak, tailerrak, kirola, dantza, animaliak, literatura eta abar izango dira Mungiako Ibilaldi honetan.
Herritarra, parekidea eta parte-hartzailea den egitaraua landu da.
Gaztetxoen inplikazioa bilatzeko, Erronka izeneko proba izango da aurten ere. Erronkaren helburua 14-16 urte bitarteko gazteek festa egunean parte-hartze aktiboa izatea da, eta horretarako proba sorta jakin bat antolatuko da. Proba bizi eta zirraragarriak izaten dira, taldeka gainditu beharrekoak. Hainbat herritako ikasleek elkarrekin egun paregabea igarotzen dute eta, gainera, ikastolen jaietara hurbiltzen direnei ikuskizun ederra eskaintzen diete.
Aurten gainera, Zeliakoentzako jakiak eskainiko dira, Euskadiko Zeliakoen Elkarteak ziurtatuko baititu jaki horiek ez dituztela gluten arrastorik izango eta prestatzeko orduan hartu beharreko neurri guztiak hartu direla. Bigarren gunean kokatutako talogune batetan honetarako bermatutako prozesua izango da, inolako kutsadurarik gabekoa. Jaki hauek, gluten gabekoak izango dira eta edozeinek jan ahal izango ditu, zeliakoak ez direnak ere. Berezitasuna jakiak prestatzeko prozesua guztiz bermatuta egongo dela da.
Beraz, igandean denok Mungiara!