Gure inguruko biodibertsitatea mantentzen laguntzeko, DBH1eko ikasleek txorientzako habia-kutxak egin dituzte. Ekimen hau komunitatearentzako proiektuak irakasgaiaren barruan jarri dute martxan. “Gaur egun, txoriek beraien habiak egiteko geroz eta arazo gehiago dituzte, eta saiatzen gara espezie batzuei laguntzen habiak jartzeko leku bat izan dezaten”, azaldu du Dorkaitz Basarte irakasleak. Habia-kutxa mota ezberdinak daude, baina kasu honetan txolarre, kaskabeltz eta amilotx tamainako txorientzako modukoak egin dituzte.
Egitasmo honi lotuta, DBH1eko ikasleek txori espezie ohikoenak ikasi dituzte. Ondoren, ikasleek proiektua diseinatu dute: zein material beharko duten, zelan eraikitzen den habia-kutxa bat… eta informazio hori guztia internetetik atera dute. Gero, teknologia gelara joan eta egurrarekin habia-kutxak sortu dituzte. Piezak moztu eta muntatu dituzte hiru-lau ikasleko taldeetan banatuta. Azkenik, habia-kutxak eskegi dituzte
Habia-kutxen kokapena ondo pentsatu beharreko erabakia izaten dela azpimarratu du Basartek: “Sarrerari Eguzkiak gehiago jotzeko, habia-kutxaren sarrera hego-ekialderuntz dagoela eskegitzea hobe da eta 3-5 metroko altuerara, harrapakariak ekiditeko. Gainera, leku lasaia eta kontrolatua izan behar da jarraipena egin ahal izateko. Ikasleek leku bat aukeratzen dute. Baso bat izan daiteke edo familian baserri bat badaukate, inguruko zuhaitz batean edo horrela. Iaz parkeetan eskegitako batzuk jendeak apurtu edo kendu egin zituen. Eta amaitzeko, argazki bat bidali didate”.
Iaz hasi ziren txori habia-kutxen proiektuarekin. Kurutziagako jolastokian bi kokatu zituzten. Oraindik txoriek ez dute habiarik egin, baina oraindik goiz da balorazioa egiteko. Izan ere, proiektu hauek epe luzera begirakoak izaten dira. Sarritan urteak pasatzen dira txoriren batek honelako leku baten bere habia egin arte.