Maiatzaren 17a: Aniztasunean hezten, aske izateko

Igandean, maiatzaren 17an, LGTBI+fobiaren aurkako Nazioarteko Eguna dela eta, Ikastolan lanketan egiten ari gara. Egun hauek aldarriz eta konpromisoz janzten ari gara.

Gure helburua ikastola beldurrik gabeko gune bihurtzea da. Bakoitzak bere burua den bezala sentitzeko eta adierazteko aukera izango duen ikastola alegia.

Hezkuntza-komunitate gisa, badakigu aniztasuna dela aberasten gaituena. Hala ere, badakigu oraindik badirela hautsi beharreko estereotipoak eta aurreiritziak. “Mutilen kontuak” edo “nesken kontuak” direla dioten etiketa horiek mugatu egiten gaituzte, eta sarritan, ezberdin sentitzen denari bidea ixten diote.

Horregatik ozen esan nahi dugu:

  • Ez dagoela modu bakar bat sentitzeko, maitatzeko edo izateko.
  • Eskola segurua eraikitzea guztion lana dela! Ez dugu bazterketarik onartuko, ez txantxa iraingarririk, ezta mespretxuzko begiradarik ere.
  • Berdintasuna ez dela denok berdinak izatea, denok eskubide eta aukera berdinak izatea baizik!

Horregatik guztiagatik, zuri ikasle, guraso, zein komunitateko kide horri zera esan nahi dizugu: “Zure identitatea eta zure maitatzeko modua dira zure nortasunaren altxorrak. Ikastola honetan, zarena zarelako maite eta errespetatzen zaitugu. Ez zaude bakarrik.”

Gaur ortzadarraren koloreak harrotasunez erakusten ditugu, gure ikasgelak kolore guztietako pertsonentzat leku seguruak izan daitezen. Maite duzun bezala maite, izan nahi duzun bezala izan. Aske.

Nola ospatuko dugu ikastolan?

Gure erronka nagusia inor bere orientazio sexualagatik edo genero-identitateagatik bakarrik ez sentitzea da. Hori dela eta, aste honetan zehar lanketa berezia egingo dugu:

  • Lehen Hezkuntzan (LH): Geletan ipuin eta bideo ezberdinak erabiliko ditugu aniztasuna lantzeko. Gainera, Bulego taldearen Entera daitezela kanta landuko dugu, berarekin dantzatu eta aske izatearen pozaz gozatzeko. 
  • Haur Hezkuntzan (HH): Ostiralean, ospakizunari amaiera emateko, plazan ekitalditxo bat egingo dugu. Dantzaldi batekin kolorez beteko dugu plaza, Entera daitezela abestiaren erritmoan denok bat eginez. 

Gaur, eta urteko beste 364 egunetan ere, egin dezagun lan aniztasunaren alde. Izan gaitezen denok babes-sare, inork bere argia itzali behar izan ez dezan.