Mari Luz Guenaga Gomez Kurutziaga Ikastolako Presidentea da, berarekin Ikastolaren helburu eta erronka nagusiez hitz egin dugu.
Kaixo Mari Luz, bigarren urtea duzula zuzendaritzan. Aurtengo ikasturtean zuzendaritzak dituen helburu nagusiak zeintzuk lirateke?
Egun on eta eskerrik asko elkarrizketa honetarako aukera emateagatik. Bai, bigarren urtea da eta aurten, Kurutziaga Ikastolako presidente gisa ikastolaren helburu estrategikoak betetzeko hainbat erronka eta proiektu garrantzitsu ditugu esku artean. Lehenik eta behin, gure familien parte hartze aktiboa eta komunikazioa sustatzea eta familia-bazkide inplikazioa indartzea dira gure lehentasun nagusiak. Gure ikastetxearen arrakasta komunitate osoaren partaidetzan oinarritzen da, eta hori da gure jardueren muina.
Azaldu iezaguzu pixka bat gehiago nola sustatu nahi duzuen familien parte hartze hori.
Helburua da gure proiektuan familiak inplikatzea, ikastetxean antolatzen diren jarduera eta ekimenetan parte hartzea sustatuz. Hau lortzeko, baditugu ekintzak non gurasoek euren seme-alaben heziketan modu aktiboan parte hartu dezaketen, eta horrela, ikastolako komunitatearen barruan harremanak sendotu. Urteetan ahalegindu gara GO ordezkariekin eta konturatu gara beste era batera egin behar dugula. Aurten familia bilera guztietan egon da Artezkaritza eta orain, egingo diren ekintzetan parte aktiboa izango gara.
Bestalde, familiak eta ikastolaren arteko komunikazioa indartu eta erraztu nahi dugu, dauden kanalak ondo azalduz eta erabiliz. Ikastolaren parte sentitzearen ardatz bat da informazioa ondo bideratzea familia eta ikastolaren aldetik: tutoreak, Alexia, buletina, batzar orokorrak, web gunea, etab. dira ikastolak familiekin komunikatzeko bideak. Aldiz, familiek ere tutoreen bidez, Alexia, idazkaritza, zuzendaritza eta Artezkaritza ditu informazioa eskatu, proposamenak egin, eta kezkak eta zalantzak partekatzeko bideak.
Digitalizazioaren inguruan kezka duzuela. Zer moduz doa hori?
Gailu digitalen erabilera, horien eragina ikasleen ikaskuntzan eta hezkuntzatik kanpo egiten den erabilera gai garrantzitsuak dira guretzat. Honen inguruan Ikastolen Elkarteko arduradunekin harremanetan gaude eta gai hau Ikastolen Elkarteko VII. Batzar Nagusian eztabaidatu genuen, ardura orokorra da ikastolen artean eta gertutik jarraitzen ari gara. Hezkuntzan, teknologiaren integrazioa modu egokian egitea nahi dugu, ikasleen ongizatea, onura eta segurtasuna beti bermatuz. Eguneroko bizitzan, erabilera osasuntsua bultzatu nahi dugu.
Eta hezkuntza lege berriaren inguruan, zein da zuen jarrera?
Hezkuntza lege berriak doakotasuna jorratzen du, eta argi dago ikastolen finantzaketa ez dela nahikoa. Finantzaketa oso bat ematen ez den bitartean prentsan agertzen diren titularrek mesede gutxi egiten dio egoera orokorri, ez baita egia osoa. Gai honek lanketa handia behar du eta eztabaida modu kolektiboan kokatu, gure eztabaida hortxe dago.
Bestelakoan, eta Kurutziagari begira, erabaki xume bezain garrantzitsuak hartu ditugu, esaterako guraso bakarreko familientzako (kasu honetan badago familia eredu hauentzako espezifikazioa) kuota berrazterketa egin dugu, hauek familia ugarien kenkariak izan dezaten. Erabaki ekonomikoa baino gehiago, familia eredu honen ikusgarritasunean eta aitortzan kokatu dugu, jaso genuen eskariak horrelako trataeran kokatzen zuelako.
Eskerrik asko zure denbora eta azalpenengatik, Mari Luz. Lan handia duzue aurretik, baina argi dago Kurutziaga Ikastola ondo bidean doala.
Eskerrik asko elkarrizketagatik. Erronka asko ditugu eta aldiro hemen azaltzea da gure beste helburua gure komunitatea zertan ari garen jakinaren gain uzteko. Ondo izan.